XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan, litzatekeenez, hemen bila gabiltzan zer horren espresio gisara honoko hau bakarrik datorkiguke bidera: mysterium tremendum delakoaren sentipena. Honen esperientziak olatu lehun baten gisara zeharka lezake barrua, bihotzean erlijiotasunezko baretasun isil bat hedatuz; barne-giro horrek, dirudienez, luzaro iraun lezake, halako batean, arima profanotasunaren eremuan utzirik, desegin arte.

Era berean, diogun esperientzia hori arimaren erditik sor daiteke indartsuki, kolpeka bezala eta dardaraka. Horrelakoetan ezohiko kemena agertu ohi du, pertsona menpe hartzeko edota zorameneraino nahiz estasiraino eramateko modukoa.

Agerkera nahiko basati eta demoniakoak ere izan ditu behin baino gehiagotan, izu eta ikaralarriaren mugataraino bultzatzeko kemena zutenak eta, hastapenetan behintzat, adierazpen oraindik landugabeak kanporatu izan ditu, gordinak bezain zakarrak.

Aldi berean, ordea, garapen bat ere erakutsi izan du, sentipena bera gero eta finago, garbiago eta argiago egin izan duena. Aipatu sentimena, azkenik, sorkariaren dardar baketsu apala bihur daiteke, norbera isiltzera behartzen duena.

Isiltzera, bai,... baina, zeren edota noren aurrean? Esanezineko misterioz inguratuta, sorkari guztien gainetik Dagoenaren aurrean!

Zerbait esan behar, bada,... eta hauxe da esaten asmatu duguna. Hasterako garbi dagoke, ordea, azaldutakoarekin ez dugula ezer esan, edo, behintzat, guztiz hutsala dela, aditzera eman nahi genukeen hura kontzeptu baten bidez azaldu nahia.

Hemen bertan ere, ez baitu mysterium hitzak (kontzeptuari berari dagokionez) ezkutua dena baino izendatzen, hots, nabaria ez dena, ezagutua eta ulertua ere ez dena, ezohikoa eta ez-hurbila zaiguna, zera horren nolakotasuna zertan dagokeen adierazezina zaigularik.

Hala ere, hitz honek nabarmendu nahi lukeena ez da barne-hutsa, esanahi guztiz baikor eta positibo bat duen zerbait baizik. Baikortasun horren bizipena, halere, sentimen-mailakoa da.